XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7.5. PURGATORIOKO ARIMEN ETA ARROSARIOKO ANDRE MARIAREN ERRETAULAK BERGARAKO OXIRONDOKO SANTA MARINAREN ELIZAN.

1741eko urtarrilaren 15ean Arimen Kofradiako anaiek Miguel de Irazustari alboko erretaula bat egiteko manua ematea erabaki zuten, Bergarako Santa Marinako Arimen aldarerako. Artistak, ordurako erretaula nagusia eraikitzen ari zelarik, 6.000 Erreal Kuartoko kopurua finkatu zuen lana egiteko, eta ez zen handiegia, zeren eta arkitektuaren nahia baitzen prezio horretan egitea limosna pertsonal gisa.

Ordainketa hau eskaintza bidez, dirutan lortzen ziren limosnez eta eliztarrek eta jainkozaleek eskainitako gari, gaztainondo eta intxaurrondoez egingo zen; hauen emaitzak parrokiaren liburuetan jaso baitziren zehaztasunez 157. APB. Arimen Kofradiaren Liburua, 35-37. Gaur egun liburu hau DEAn dago..

Juan Bautista de Elcoro herriko eskribauaren aurrean, hitzez adostu ziren alderdiak 1742ko otsailaren 13an manufaktura egiteko, eta berriek diotenez, honetan berrogeita bat gaztainondo eta hamabi intxaurrondo erabili ziren, limosna gisa emanak guztiak. Izan ere, Irazustak agindutakoari jarraiki, bere testamentuan erasota geratu zen konpromisorako inolako idatzizko kontraturik ez zela egingo, akordioa ahoz egin zuela eta egun horietan artean hitzartutakorik batere jasotzeke zegoela adieraziz.

Erretaula hau eta Arrosarioko Andre Mariarena era berean kontratatu ziren Elizako Maiordomoarekin. Fabrika biak nahikoa aurreraturik geratu ziren Miguel hil zenean, baina artean bazen egitekeko lan ugari, eta horregatik erabaki zuen bere ondasunen kontura amaitzea, lehenbailehen, liturgi altzari honengatik 9.000 E.K. kobratuz Arrosarioko Kofradiako Maiordomoari.

Arimen erretaularen arkitektura-egitura (49. lamina) koadro-erretaula tipologiakoa da, honako hauetan oinarriturik osatua: multzo batean integratzen den mihise bat eta aldarerako banku mahaidun bat. Hegalkin handiko mentsuletan bermaturiko pilastra eta zutabeek egiten diote koadroa, hauek guztiek plaka eta atiko horma-konkadunean binaka jarritako modiloi txikiak dituen taulamendu bati eusten diotela.

Mihiseak garretan erretzen diren hilkorrak errepresentatzen ditu, aingeru batek zerura igotzen laguntzen diela. Honetan daude Aita eta Semea, hodeizko tronu batean, Ama Birjina bitartekari gisa eta aingeru bat otoitz egiten. Tradizioak dioenez, aingeru onek kezkatu egiten dituzte purgatorioko arimak, eta Urre Legendak ideia bat hedatu zuen, zeinaren arabera sinetsi behar baitzen izpiritu hauek senideak balira bezala bisita egiten zietela arimei, kontsolatzearren, horrela sufrimenduak egonarriaz eraman ahal izan zitzaten, ze era honetan loria erdietsi zezaketen.

Eta arimen ziurtasunaren oinarria itxaropenez beteriko segurtasuna zen, zeren eta aingeruek kontsolatu egiten baitzituzten. Hauxe da mihise honen esanahia, aurre-aurrean jartzen duelarik azaldu berri dugun aingeruek Purgatorioko arimei laguntzen dieten ideia hau.